Mindfulness
Arreta edo Kontzientzia Osoa, “mindfulness” ingelesez, Budismoaren tradizioetan oinarritutako praktika laikoa da. Praktika horrek hemen eta orain egotearen esperientziari arreta irekitzeko bidea eskaintzen digu.
Gizakiok askotan ez gara gure bizitzan “presente” egoten. Gure gogoa sarri asko iraganaren errepasoan zein etorkizunerako asmoetan ibiltzen da saltari, bizi izandakoaren edo etorriko denaren gozamen zein sufrimendura behin eta berriro itzultzen.
Mindfulness edo Arreta Osoak gure bizitzako orain eta hemengo esperientzian gertatzen ari denaz jabetu eta, epairik gabe, horren aurrean kokatzen laguntzen digu, automatismoetatik urrunduta.
Geure unean uneko bizipenez kontzientzia irabazteak, halaber, besteen sentipen eta erreakzioak toki berri batetik iragazteko aukera ematen digu, oldarkortasuna neurrira ekarriz eta enpatia areagotuz. Hortaz, praktika honek arreta eta emozioak hobeto kudeatzeko bideak eskaintzeaz gain, gela eta familia barruko elkarbizitzarako tresna baliagarria eskain diezaguke.
Mindfulness-aren praktika bizitzaren esparru guztietara zabaltzen joan da azken urteotan. Hain zuzen ere, Britainia Handian hartu duen indarra hain nabarmena da Parlamentuak baduela Mindfulness Talde bat praktika hau bultzatzen eta bere eraginkortasuna bizitzaren esparru guztietan ikertzen ari dena.
Talde honek argitaratutako Mindful Nation izeneko txostenak jasotzen duenaren haritik, mindfulness-aren inguruan egindako interbentzioek arlo askotan dira onuragarriak “autoebaluazioetan antzemandako estres, amorru, barruko marmar eta sintoma fisiologikoen maila jaisten dituztelako, eta itxura fisikoa, enpatia, koherentzia, norbere buruarekiko errukia eta bizi kalitate orokorra hobetzen dituztelako”.
Esteka interesgarriak:
Mindful nation txostena ingelesez
Escuela de Atención Plenaren gaztelaniazko itzulpena